IK4 Research Alliance. Bikaintasun Zientifiko-Teknologikorako Aliantza  Teknikari bat laborategiko probak egiten ari dela erakusten digun konposizioa.

6 gune teknologiko,
Europako erreferentzia 1
enpresetarako teknologia-garapenean

IK4k 25 doktoretza-plaza eskainiko ditu langile espezializatuak trebatzeko.

2017/05/01 |<img src='http://www.ik4.es/upload/noticias/img/image007.png' data-link='http://www.ik4.es/upload/noticias/img/image007.png'/> Profesional kontratatuek tesia egingo dute Aliantzako zentroetan I+G+Bko proiektuak egiten dituzten bitartean. Ekimen horren helburua da euskal industriaren garapenerako giltzarri diren teknologiei buruzko trebakuntza ematea. Aliantzak, bere ezagutza garatzeaz gain, goi-mailako prestakuntza teknologikoko adituen gabezia arintzen lagundu nahi du.

(Eibarren, 2017ko maiatzean).- Ingeniariek, informatikariek eta fisikariek, besteak beste, doktoretza-tesi bat egiteko aukera izango dute IK4ren zentro teknologikoetan I+G+Bko proiektuak garatzen dituzten bitartean. Aliantza Teknologikoa osatzen duten zentro teknologikoek 25 plaza eskainiko dituzte aurten zentro horietan beren doktoretza-tesia egin nahi duten graduatuentzat.

Ekimen horren bidez, Aliantza Teknologikoko zentroek, batetik, beren berrikuntza-gaitasuna sakondu nahi dute ezagutza propioa garatuz, eta, bestetik, euskal industriaren garapenerako giltzarriak diren teknologietan espezializazio profesional handiko langileak prestatu.

Ekimen honen bigarren edizioa da aurtengoa, eta hautagaiak aukeratzeko epea urrira arte dago irekita. Programaren xehetasunak eskuragarri daude http://doctorados.ik4.es/eu/ webgunean. IK4ko zentroetako webguneetatik nahiz aliantzaren beraren webgunetik sar daiteke webgune horretara.

IK4ren iritziz, goi-mailako prestakuntza eta profesionalen espezializazioa funtsezko baldintzak dira merkatuan bermeekin lehiatzeko punta-puntako aurrerapen teknologikoak eskatzen dituen enpresa-ingurune baten beharrei erantzuteko. Izan ere, gaur egun Aliantzak 1.443 langile ditu, eta % 28 doktoreak dira.

"Merkatuak gero eta globalagoak dira, eta, beraz, gero eta zorrotzagoak. Gaitasun handiagoak behar ditugu euskal enpresei beren erronkei aurre egiten laguntzeko, eta, testuinguru horretan ezinbestekoa da profil prestatuenak izatea", adierazi du IK4ko zuzendari nagusi José Miguel Erdozainek.

Gainera, kontuan izan behar da goi-mailako prestakuntza eta espezializazio teknologikoa behar duten lanpostuetarako berariaz prestatutako langileak falta dituela EAEko lan-merkatuak.

Hori dela eta, IK4ren ekimenak bere inguruko industria-sektorearen gaitasunak ere indartu nahi ditu: IK4k, askotan, "talentu-harrobi" gisa jarduten du EAEko enpresentzat, IK4n prestatutako lagun asko askotan enpresetara joaten baitira lanera.

"Jarduera honek prestakuntza handiagoko pertsonak herrialdearekin fidelizatzen laguntzen digu, haien espezializazioa sakontzen eta haien gaitasunak gure industria-sareari eskaintzeko aukera ematen. Hala, herrialdearen lehiakortasuna indartzen laguntzen dugu, eta gure gazteak beste herrialde batzuetara lan-aukera bila joatea saihesten dugu", adierazi du Erdozainek.

Doktoregai baten balorazioa

Iaz jarri zen martxan ekimen hau, eta aurtengoa bigarren edizioa da. Laura Arregi Fisikan graduatua da, eta programa honetan parte hartu zuen aurreko ikasturtean.

IK4-TEKNIKER zentroan fabrikazio aditibo bidez sektore aeronautikoarentzat pieza metalikoak eraikitzeko teknika bati buruzko doktoretza-tesi bat egiten ari da.

Doktoregai honek oso iritzi positiboa du bere esperientziari buruz: "IK4-TEKNIKERen jaso ditudan ikastaroen, eskura ditudan tresnen eta lankideen laguntzeko jarreraren bidez asko ikasten ari naiz materialen ingeniaritzaren alorrean".

Gainera, uste du jasotzen ari den trebakuntza eta esperientzia oso onuragarriak izango zaizkiola etorkizunera begira: "zentro teknologiko batek ate gehiago irekitzen dizkizu behin tesia amaitutakoan: Inguruko industriaren ikuspegi orokorragoa ematen dizu, zure laneko eremuaz gain beste batzuk ezagut ditzakezu eta ikerkuntza puruaren bidetik nahiz bide industrialetik jarraitzeko aukera ematen du", adierazi du.

Baldintzak

Doktoretza-tesia IK4ren zentroetan egin nahi dutenek goi-mailako unibertsitate-titulua edo doktoretzarako sarbidea ematen duen master ofizial bat izan behar dute, ingeles-maila aurreratua edukitzeaz gain. Horrez gainera, kontuan izango da ikerketa-bokazioa izatea eta lanpostu bakoitzaren eskakizun jakinak betetzea.

Hiru urteko epea izango dute proiektuak egiteko, eta, aldi horretan, praktikaldiko kontratua izango dute profesionalek. Dena dela, beste urtebetez luzatzeko aukera izango da, zentro teknologikoak hala irizten badio. Denboraldi horren amaieran, doktoretza-tesia defendatu beharko du hautagaiak.

IK4ren zentro bakoitzak aipatutako web-orrian bistaratuko ditu bere eskaintzak, eta bakoitzak ebaluatuko ditu jasotzen dituen hautagaiak. Behin hautagaia aukeratutakoan, lan-kontratu bat sinatuko da doktoretzak iraungo duen denborarako.

IK4ri buruz

IK4 aliantza teknologikoa bederatzi zentro teknologikok osatzen dute (AZTERLAN, CEIT, CIDETEC, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, TEKNIKER eta VICOMTECH), eta bere helburua da ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzea, eskuratzea eta transferitzea, enpresen lehiakortasuna eta gizartearen aurrerapena hobetzeko.

  • AZTERLAN
  • CEIT
  • Ideko
  • Ikerlan
  • Lortek
  • Tekniker

© 2019 - IK4 Research Alliance | Polígono Azitain , 3K 2ºG - 20600 EIBAR (Gipuzkoa). Spain. | Tel: +34 943 820350 | Lege informazioa